sábado, 15 de enero de 2011

Euskarazko multimedia hedabideen testuinguru soziolinguistikoa

“Multimedia testuen estrategia linguistikoa” ikasgaian Euskal Herriko IV. Inkesta soziolinguistikotik ateratako datuak biltzen zituen txostena eta Euskararen Aholku Batzordeak bultzatutako “Euskara Headabideetan” planaren inguruko txostena irakurri genituen. Hona hemen irakurgai horietatik ateratako ondorioak:

Inkesta soziolinguistikoan EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko 16 urtetik gorako biztanleek duten hizkuntza gaitasuna eta erabilera aztertzen dira. Datuen arabera,  EAEn biztanleen erdiak dira eradara hutsean hitz egiten dutenak. Nafarroan berriz, %81,3 eta Iparraldean %68,9. Horrez gain, EAEn elebidunen artean, erdaraz gehiago egiten dutenak ere gehiago dira eta lehen hizkuntza erdara dutenak ere gehiago dira (%76,2).

Hizkuntzaren transmisioari dagokionez berriz, euskararen hedapenerako oso garrantzitsua da bi gurasoak (euskal) elebidunak izatea. Iparraldean adibidez, euskararen hedapenak gabezia larriak ditu. Izan ere, zaharrenak dira euskaraz gehien egiten dutenak, eta gazteenak berriz, euskararen erabilera eta ezagutza galtzen ari dira. Beraz, transmisioan galera handiak izan dira, eta ondorioz, baita hedapenean ere.

Euskara Hedabideetan aztertuz gero, Berria da euskara hutsean dugun egunkari nazional bakarra. Bestalde, tokian tokiko egunkari eta aldizkariak gero eta gehiago dira, eta nabarmentzekoa da horietako batzuetan euskalkien presetziak izan duen gorakada. Aldizkari tematikoak ere badaude euskara hutsean. Bestalde, Internetek aukera berriak eskaini ditu eta euskarazko multimedia euskarriak areagotu egin dira. Euskara hutsean egindako blogak, albisteen atariak... ere badaude, eta euskarazko euskarrien kopurua areagotzen ari da. Azken batean, aukera dibertsifikatzen ari da, baina hori ona da? Batzuetan mugak beharrezko direla uste dut, dena ukitu eta landu gabe, gauzak edonola egiteko arriskua ekiditeko. Azpimarratzekoa da baita ere, dibertsifikazio bat ematen ari bada ere, eskaintza gehienbat Bizkaian eta Gipuzkoan pilatzen dela.

Azken batean, euskarazko komunikabideek multimediak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatu dituzte, beste hizkuntzetan aritzen diren komunikabideek egin duten aldi berean. Erabiltzaileek gainera, ondo erantzun dute orokorrean multimediak eman dien parte hartzeko aukerari. Hala ere, bada adin talde bat, gaztetxoena, galtzeko arriskua. Izan ere, telebistaren kasuan, teknologia berriek eragin duten aukera dibertsifikatuan euskarazko aukera asko murriztu da eradarazkoarekin alderatuta. Beraz, esango nuke, dibertsifikazio handi bat ematen ari bada ere, oraindik asko dagoela euskaraz lantzeko, gehiago eta ondo dibertsifikatzeko eta zabaltzeko. Nire ustez, batez ere gaztetxoen adin taldeari dagokion alorrean landu behar da gehiago euskarazko aukera. Izan ere, inkesta soziolinguistikotik ateratako datuen arabera, ikusi da transmisioan bi gurasoak euskal elebidunak izateak duen garrantzia. Baina hori ez da etxe guztietan ematen, eta beraz, gaztetxoak euskararen erabileran ohitzeko baliabide gehiago behar direla pentsatzen dut. EITB ari da horretan, 3. kanalean batez ere haur eta gazteei zuzendutako produktuak jartzen baitituzte. Horrez gain, aski ezaguna da Txirri, Mirri eta Txiribitonek urteetan zehar euskara eta euskal kulturaren inguruan egin duten lana, edota Pirritx, Porrotx eta Marimototsek abian jarri duten Irrien Lagunak proiektua. Horrelako aukera gehaigo landu behar direla uste dut, modu horretan, euskararen erabilera zabaltzea laguntzeko, eta euskaraz soilik eskolan egiten duten haurrak gure hizkuntza gehiago erabiltzera bultzatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario