jueves, 28 de octubre de 2010

Ardiki Eguna Zaldibian

Atzo bertan hasi ziren Zaldibian urtero ospatzen den Ardiki Egunaren inguruko lehen ekitaldiak. Atzokoan, Joxe Garmendia agerian liburua aurkeztu zen; Joxe Garmendia apaiz zaldibiarraren omenezko liburua, hain zuzen. Besteak beste, Juan Ignazio Iztueta dantzari zaldibiarrari buruzko lanak idatzi zituen Garmendiak.

Gaurkoan, 19:00etan, Juan Antonio Urbeltzek Goierriko dantzei buruzko hitzaldia eskainiko du kultru etxean. Bihar berriz, mendiko ardi gaztaren proiektu pilotoari buruzko hitzaldia eskainiko da 19:30ean kultur etxean.

Egun handiena ordea, igandean ospatuko da. 10:30ean, herriko txistulariek, Juan Mari Beltranek, Astiazaran aita-alabakek, eta Hernaniko Musika Eskolako albokari, dultzainari eta txistulariek diana joko dute eta goiz osoan zehar ariko dira kaleak girotzen. Bestalde, artisautza eta ganadu erakusketa, eta azoka irekiko dira. Eguerdiko 12:00ean berriz, mondeju eta Aralarko gazta lehiaketak hasiko dira herriko plazan eta bitartean, Egaña eta Lizaso bertsotan ariko dira. Sari banaketa 13:30ean egingo da, eta 14:30ean ardikia bazkaltzeko aukera izango da herriko jatetxeetan.
Arratsaldean, Zaldibia eta Amezketako taldeen arteko herri-kirol saioa izango da 17:00ean. Egunari berriz ere giro onean amaiera emateko, kalejira izango da 19:30ean.

miércoles, 27 de octubre de 2010

Parakaidismo Multimedia ikastaroa

Mikel Reparaz, ETBko albistegietako nazioarteko arloko burua izan dugu gaur Leioako Unibertsitatean, Multimedia Komunikazioa Masterraren barruan Parakaidismo Multimedia ikastaroa emateko. Horrez gain, skype-n bidez, Beijinen eta Parisen ETBko korrespontsal gisa lan egiten duten Olatz Simonekin eta Xabier Madariagarekin hitz egiteko aukera izan dugu.  
Mikel Reparaz kazetaritzaren joera berriez, parakaidistaren lanaz eta jarraitu beharreko pausuez jardun da, baina lehenago, kontzeptu batzuk azaldu dizkigu:
  • Parakaidismoa: kazetari bat, bidali berezi bat, albistea dagoen lekura airetik bezala erortzen denean eta landu behar duen gai hori jarraitzen edo ezagutzen ez duenean.
  • Korrespontsalak: nahiko territorialak dira. Erredakziotik bidali berezi bezala datozen kazetariak "intruso" gisa har ditzakete, beren lurraldean sartzen direlako. Hau da, beraiek denboraldi luze batean zehar jarraitzen duten gaia bi egunetan landu, kronika batzuk egin eta albistegiko "izar" bihurtzen direlako.
  • POPE printzipioa: "Produce Once, Publish Everywhere" = "Behin ekoiztu eta ahal duzun toki guztietara zabaldu". Komunikazio enpresek asmatutako printzipioa da. Dagoeneko ez da geratzen euskarri bakarrerako lan egiten duen kazetaririk. Lehen, kazetariak jorratzen zuen informazio ozeanoak 5 zm-tako sakontasuna zuen. Orain berriz, ozeano hori zabaldu egin da, euskarri gehiagotarako lantzen da, baina sakontasun hori murriztu egin da, kalitatea jeitsi.
Mikel Reparaz Leioan, ikastaroa ematen.
Kazetaritzaren joera berrien artean, hauek nabarmendu ditu Reparazek:
  • Wikileaks: kazeritza joera berriena da. Filtrazioetan oinarritutako kazetaritza da, interpretaziorik gabe eskaintze den informazioa. Adibidez, Iraki buruz Pentagonotik bertatik iristen diren filtrazioak.
  • Embedded kazetaritza: albistea alderdi batetik jarraitzen denean. Adibidez, Irakeko gerran AEBtako soldaduen ikuspegia azaltzea. Kasu hauetan estetika bilatzen da eta multimedia erreportajearen laborategia izan da.
  • Beste formato berri batzuk, Cuatro telebista katean emititzen den Callejeros edo Jon Sistiagak zuzentzen duen REC programa bezalakoak. Espainian modan dauden formatoak dira, sensazionalismo puntua duena. Audientzien mende dagoen showak dira, reallityen eta erreportajegintzaren arteko hibridoak.
  • Kazetaritza soziala, blogak edo sare sozialak kasu.
  • Hoteleko kazetaritza: sahiestu beharreko kazetaritza da, baina hala ere, askotan geratzen da, gerra edo tentsio handiko kasuetan batez ere, kazetariak, Internet eta telebistaz baliatuz, hoteleko gelatik irten gabe informatzea.
Kazetaritzaren joera berri horiek eta modan dagoen POPE printzipioak argi uzten dute gaur egun kazetari multimedia izateak duen garrantzia. Ezinbestekoa bihurtu denez, ia derrigorrez egungo kazetariak multimedia kazetaritza egiten du. Hau da, kazetariak informazioa behin ekoitzi, eta ondoren, hainbat euskarrietara zabaldu behar du.
Olatz Simon, Beijinetik hizketan.
Beijinetik hitz egin digu Olatz Simon ETBko korrespontsalak, eta bi ideia utzi ditu argi kazetariaren eta multimediaren inguruan. Batetik, kazetari izateko, eta korrespontsal gisa lan egiteko beharrezkoa dena gertatzen dena ezagutzeko, jakiteko eta analizatzeko grina izatea dela. Bestetik, egungo kazetaritzaren erronka zein den adierazi du: multimediak ematen dituen zabaltzeko aukera horiek aprobetxatzea, kalitatea jeitsi gabe.
Xabier Madariaga, Pariseko ETBko bulegoan.
Xabier Madariaga Parisen dago ETBko korrespontsal gisa. Multimediak gauza asko kontatzeko aukera ematen duela nabarmendu du, eta euskarri bakoitzak bere berezitasuna duela: "multimedia ez dugu ikusi behar komunikabideek hartu duten bide txar bezala, baizik eta bide aberasgarri bezala, euskarri bakoitzak ematen dituen aukerak aprobetxatuz".

martes, 26 de octubre de 2010

Hasi da Hernanin Domingeroen denboraldia

Pasa den igandean, hilak 24, Domingeroen denboraldiari hasiera ofiziala eman zitzaion Hernanin. Urtero bezala, aurten ere jende andana espero da herrian, iganderoko poteo eta parrandetan. Inguruko eta ez hain inguruko jendeak lepo beteko ditu Hernaniko taberna eta txoko guztiak, parranda zale amorratuena nor den erakutsi nahian.

Hala ere, Domingerorik handiena, urtero bezala, Hernanin bertan izendatu da. Denboraldiari hasiera ofiziala emateko, igandean egin zen ospakizun garrantzitsuena. Aurtengoan, Apo, 23 urteko hernaniarra, izan da "Habemus Domingerus" titulu berezia jaso duena, lehengo urteko denboraldiko poteatzailerik handienaren postua lortuta. Lehenengo Agurra dantzatu zitzaion, eta ondoren, tituluarekin batera, banda, Txirrisklas kopa handi bat eta sonbrila bat jaso zituen opari "Habemus Domingerus" berriak. Denboraldia ofizialki hasteko zinta mozteko ohorea ere berea izan zen.
"Habemus Domingerus" denboraldiari hasiera ematen.

 Titulu eta opari banaketaren ondoren, ekitaldia girotzeko OiDekOi! talde hernaniarren kontzertuaz gozatzeko aukera izan zen.
OiDekOi!

martes, 19 de octubre de 2010

Txistua, atabala eta pianoa inprobisazioan

Sabin Bikandi txistularia, Asier García atabalaria eta Jerónimo Martín pianistaren kontzertu paregabeaz gozatzeko aukera izan zen bart Bilboko Euskalduna Jauregian. Bilboko Udal Txistulari Bandak prestatutako kontzertu denboraldiaren barruan antolaturiko emanaldia izan zen atzokoa, kasu honetan, inprobisazioaren arloan.
Argazkia: GARA

Ohikoa ez izan arren, txistua, atabala eta pianoa bat-bateko musika jotzen entzun ahal izan ziren. Hau da, musika oinarririk gabe bat-batean sortutako melodiak jo zituzten. Estilo hau araurik ezak deskribatzen du hain zuzen. Jeronimo Martínek berak azaltzen duenez, musika korronte hau "momentuan eta taldean sortzeko desirak eragindakoa da".

Bai Martínek eta baita Bikandik ere eskaini dituzte estilo honetako kontzertuak lehenago, dela elkarrekin edota beste musikari batzuekin. Gainera, Bikandik berak John Tilbury pianista britainiarrarekin inprobisazioa jorratu zuen 2006an.

Aipaturiko Bilboko Udal Txistulari Bandak antolaturiko kontzertu denboraldiko hurrengo emanaldia azaroaren 8an izango da, Aitor Amilibia txistulariaren eta Jose Antonio Hontoria akordeoi-jolearen eskutik.

Blogen arteko azterketa


Zibermedioen arteko analisiarekin jarraituz, blog batzuen arteko konparaketa eta azterketa da ondorengoa. Kasu honetan, Berria.info domeinuaren barruan argitaratzen diren bost blog izan ditut kontuan: Pello Zabalaren "Mendiko Behatokia”, Asier Azpilikuetaren “Ergeletan Ergelenak”, Juanma Sarasolaren “Urruneko Begirada”, Gorka Erostarberen “Gramofonoa” eta azkenik, “Begia”; Lorea Agirre, Jon Benito, Gotzon Hermosilla, Maialen Lujanbia, Garbiñe Ubeda eta Xabier Gantzarainen artean idatzia.

Esan bezala, blog guztiak Berria.info domeinuarenak dira, eta ondorioz, formatu bera jarraitzen dute. Guztiek azaltzen dute modu labur batean blogean zeri buruz idatziko den. Artxibo gisa balio duen egutegi bat ere badute, edozein egunetan argitaratutako posta modu errazean aurkitzea ahalbidetzen duena. Etiketak eta etiketa zerrenda ere erabiltzen dituzte guztiek, gai bera jorratzen duten post guztiak zerrendatu eta irakurri ahal izateko. Horrez gain, bi bilatzaile agertzen dira blog guztietan, oso erabilgarriak iruditu zaizkidanak. Alde batetik, blogean bertan bilaketa egin daiteke, eta bestalde, Berria.info-ko hemerotekan beste bilaketa bat egin daiteke.

Post bakoitzari dagokionez, guztietan agertzen dira sarrera horren izenburua, argitaratutako data eta hitz kopurua. Taldeko blogaren kasuan gainera (Begia-n), testua nork idatzi duen ere agertzen da.

Irakurleari dagokionez ordea, ez zaio aukera askorik ematen. Blog guztietan eskaintzen zaio iruzkin bat egitea, eta bloga bera RSS jario bidez jarrai daiteke. Hortik aurrera, txikia da irakurlearen parte-hartzea. Ezin du blogeko postik gorde edota zabaldu. Ez dago botoa emateko aukerarik ere, eta ez da inon jasotzen zein den testu irakurriena edota iruzkin gehien jaso dituena ere.

Horrez gain, nire ustez, blog guztietan errepikatzen den akatsik handiena eduki multimedien erabilera eskasa edo eza da. Kasu batzuetan ez da ez hipertesturik, ez eta argazki, bideo edota audiorik agertzen. Horrek, irakurle kopuruan eragina izan dezakeela uste dut. Izan ere, irakurle kopurua hauek utzitako iruzkin kopuruari begira kontatzen badugu, “Begia” blog-a da gutxien dituena, eta era berean, hau da eduki multimediak apenas erabiltzen dituen blogetako bat. Aldiz, Asier Azpilikuetaren “Ergeletan Ergelenak” bloga da argazki eta hipertestuez gain, bideoak dituen bakarra, eta baita irakurle gehien dituen bloga ere. Pello Zabalaren “Mendiko Behatokia”n ordea, nahiko irakurle dago, nahiz eta eduki multimediarik batere ez erabili. Kasu honetan, idazlearen maiztasunak garrantzia duela esango nuke, blog hau baita gehien eguneratzen dena. Azkenik, nahiz eta dagoeneko egunerokotasunik ez izan (azken posta: 2009-03-24), aipagarria iruditu zait Gorka Erostarberen “Gramofonoa” blogean audiorik edota bideorik ez erabiltzea, musikaren inguruan idatzi zuela kontuan hartuta.

jueves, 14 de octubre de 2010

Errioxarrak eta hernaniarrak izan ziren Herri Musikaren Txokoan

Oiartzungo Herri Musikaren Txokoan antolatzen diren emanaldien zikloaren barruan, errioxarren eta hernaniarren kontzertuarekin gozatzeko aukera izan zen pasa den larunbatean, urriaren 9an. Juan Mari Beltranek aurkezpena egin ostean, Errioxatik etorritako hirukoteak eskaini zuen lehenik kontzertua. Errioxako bertako tradizioari lotutako koplak eta baladak izan ziren batik bat entzungai, herri soinu tresnek lagunduta. Pandero mota desberdinak, gitarraren familiako hainbat instrumentu eta armonika erabili zituzten, besteak beste. Umore ukitu bat ere eman zioten arratsaldeari, perkusio gisa erabili zuten txotxongilo batekin.



Errioxarrek amaituta, Hernaniko Musika Eskolako taldeak hartu zuen txanda. Dultzaina eta tanborra, alboka, txistua, xirula, biolina, akordeoia eta perkusioa izan ziren entzungai hernaniarren eskutik. Nafarroako dultzaina-joleen doinuekin jarri zuen taldeak hasierako alaitasuna, eta txistua eta silbotearekin goxatu zuten segidan giroa. Ondoren, alboka doinu ezagun batzuk izan ziren entzungai, akordeoiarekin lagunduta. Amaitzeko berriz, soinu-tresna guztiak tartekatu zituzten abesti dantzagarri batzuk eskaintzeko. "Propinarik" ere ez zen falta izan, eta kasu honetan, Gipuzkoako errepertoriotik hartutako kantuak joaz, dultzaina hotsekin bete zuten aretoa.



Arratsaldeari amaiera ona emateko, gerturatutako guztiek Herri Musikaren Txokoan bertan afaltzeko parada izan zuten, eta afalostean, kanturako eta dantzarako doinuekin gozatu zuten bertaratutako guztiek.

lunes, 11 de octubre de 2010

Zibermedioen arteko azterketa

Euskal Herriko, Espainiar Estatuko eta nazioarteko zibermedioen arteko azterketa edo analisi bat egiteko, Berria.info, ElPaís.com eta TheGuardian.co.uk aukeratu ditut. Aanlisi honen ondorioak hiru esparrutan banatu ditut: zibermedio bakoitzak erabiltzaileei ematen dien garrantzia, albisteei emandako tratua, eta zibermedioarekin kontaktazeko eskaintzen dituzten informazio eta aukerak.



Dudarik gabe, erabiltzaileari garrantzia handiena ematen dion zibermedioa El País da. Zuzenean parte hartzera bultzatzen duen linka eskaintzen du, eta erabiltzaileak milaka aukera ditu: blog-a sor dezake, albisteak idatzi eta argitara ditzake, argazki eta bideoak bidal ditzake, bideotxat batean parte har dezake, albisteen gaineko iritziak eman ditzake, aldeko eta kontrako botua eman dezake... Gainera, edukiak argitaratzeko erregistratzeko eskatzen zaio, baina ez bideotxatean, foroetan eta iritzia emateko lekuetan.

Berrian ere erabiltzaileak bideotxatetan, foroetan, lehiaketetan eta albisteak komentatzen parte har dezake, "parte hartu" sekzioari esker. Albisteak ere bidal ditzake, baina ez argazki eta bideoak. El País-ek ez bezala ordea, erabiltzaileak erregistratua egon behar du orokorrean. 
The Guardian-en kasuan berriz, guztia nahasgarri xamarra da. Badirudi, albisteen sekzioari garrantzia ematen diotela, eta hor, erabiltzaileak ezin du ezer egin. Baina "kultura", "kirola", "telebista", "bloga", "komentatu" eta gisa horretako sekzioetan iritzia eman daitekela dirudi, beti erregistratuta. Albisteak, argazkiak eta bideoak ere bidal ditzake, baina ez dago argi gero non agertuko diren; ez dago zuzenean erabiltzaileek bidalitako edukia duen sekziorik.

Albisteei dagokienean, berriro ere, El País da aukera gehien ematen dituena. Botoa eman, komentatu, inprimitu edota zabaldu egin daitezke. Berria-k ez du albistea komentatzeko aukera ematen, eta The Guardian.-ek "albisteak" sekzioan ere ez du aukera ematen. Tipografia handitzeko eta txikitzeko aukera ere ematen dio erabiltzaileari. Hau Berrian eta The Guardian-en ere ematen da. Bestalde, zabaltzeko deigarria da guztiek dutela twitter-era edo facebook-era lotzeko aukera, beste aplikazio batzuen artean. Halaber, hiru zibermedioetan agertzen da albisteak bilatzeko bilatzaileren bat, edota irakurriena edo botatuena zein den erakusten duen ranking-a.

Kontakturako informazioari dagokionez, hiru zibermedioek eskaintzen dute zibermedioko erredakzioaren helbide elektronikoa, posta helbidea edota telefonoa. Baina berriz ere, El País da aukera zabalena duena. Hiru zibermedioak jarrai daitezke feed-en bitartez, baina El País da feed horiek sekzioetan sailkatzeko aukera ematen duen bakarra. 

Beraz, orokorrean, argi ikusten da El País dela aukera gehien ematen dituen zibermedioa eta momentu oro erabiltzailea kontuan hartzen duena.

jueves, 7 de octubre de 2010

Albokarekin plazaz plaza

Urriaren 24 eta 25ean ospatu zen Hernanin Euskal Herriko alboka topaketa. Aurtengoa, 17.a izan da. Bilbotik, Gasteiztik eta Iruñeatik etorri ziren hainbat albokari Hernaniko kaleak animatzera. 
Ostiralean eman zitzaion hasiera topaketari, talde bizkaitar batek eskainitako kontzertu batekin. Larunbata goizean berriz, alboka eta panderoa uztartu zituen tailer bat eman zuten Ibon Koteron eta Asier Elorriagak. Arratsaldean, eguraldiak lagundu ez bazuen ere, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako albokariek beren trebeziaren erakustaldi bat egin zuten, eta ondoren, Hernaniko kaleak albokaren doinuaren bustiz, giro eder eta alaiean eman zioten amaiera aurtengo topaketari.

Musikaren txokoa, ere bai

Masterreko kontuez gain, hemen musikaz idatziko dut

Martxan twitter-a

Hasi dugu masterra, eta hasi gara multimedia munduan barneratzen. Internet-en "sartu" esaten nuen nik lehenago, baina karreran zehar irakasle batek Internet-era "irten" egiten garela esan zigun. Hala ba, mundu berri honetara irten naiz, baina ez egunero kalera irteten naizen segurtasun berarekin, ordea!

Oraingoan twitter-en nabil buru-belarri. Ireki dut kontua. Hainbat twitter-erabiltzaileren jarraitzaile egin naiz, eta nik ere lortu ditut jarraitzaile bakan batzuk. Albiste batzuen berri twitter-aren bitartez izateko aukera izan dut. Hala ere, mila txikikeria daude ulertzen ez ditudanak...

Zergatik mezu batzuetan # delakoa agertzen da? Zer da hori? Talde baten partaideek gai horren inguruan zerbait aipatzean agertzen den ikurra?
Eta nik mezu bat idazten dudanean non agertzen da hori? Nire jarraitzaie direnen orrialdean? Hala nire jarraitzaileek jarraitzen dituzten orrialdeetan? Azken batean, mezu guztiak ez dira "profesionalak" eta nork bere egoera komentatzen du batzuetan... Ai ama! Ez al da errazagoa aurrez-aurreko elkarrizketa???

martes, 5 de octubre de 2010

Lehen egunak

Katxibatxe multimediak
Noizbait kazetari bihurtuko ginelakoan hasi genituen unibertsitateko ikasketak. Baina hara non, masterrean esan diguten kazetariak, bere horretan, ez duela etorkizunik! Kazetari komunikatzailea desagertu egingo dela, alegia! Errobotek lekua kenduko digute.
Zer egingo diogu ba. Hemendik aurrera, niretzat berria den, eta etengabe aldatzen ari den multimedia mundu honen baitan gure lekutxoa egiten saiatu beharko dugu. Dagoeneko sortu dut blog-a, eta irekiak ditut kontuak facebook-en edota twitter-en. Delicious erabiltzen ere hasi behar omen dugu. Eta Google groups-en bitartez elkarren artean komunikatzen... Horrenbeste algoritmoren artean ez galtzea espero dut.
Eskerrak, gutxienez, idazmakinaren letra iturria erabiltzeko aukera badugun, mundua jango genueneko garaia gogora ekarri ahal izateko!