miércoles, 19 de enero de 2011

Euskara Batuaren garapenaren inguruko gogoeta: 2.zeregina

Multimedia produktuen kalitate linguistikoaren kudeaketarak izipideak eta baliabideak. 2. zeregina.

Euskararen batasunerako lehen irizpideak 1968an finkatu ziren, eta ordutik, garapen handia izan du Euskara Batuak. Hasieran, euskal komunitatean zeuden desberdintasunek eragiten zituzten zailtasunak gainditzeko eta euskal komunitatea trinkotzeko zegoen beharrari erantzuteko sortu zen Euskara Batua.

Lehen itzuli hartan, batasunerako irizpide nagusia idatzizko tradizioa zen. Zuzentasuna bilatu zen ezarritako arauen bidez. Baina euskararen estandarizazio horrek jatortasun falta zuen, eta kezka berri bat sortu zen: zein ekarpen egin diezaiokete euskalkiek Euskara Batuari? Horrela, 90eko hamarkadan bi ardatz nagusi ezarri ziren: idatzizko tradizioa eta euskalkietako ahoz ahoko tradizioa.

Hamarkada amaierarako ordea, beste kezka bat piztu zen, Euskara Batuaren komunikagarritasunaren ingurukoa, alegia. Horretarako, zuzentasun eta jatortasun irizpideei egokitasuna batu zitzaien. Hau da, behar komunikatibo bakoitzera egokitzeko, Euskara Batuak malgua izan behar du.

Egokitze hori hainbat irizpideren araberako izango da: hartzailearen araberakoa, lurralde geografikoaren araberakoa, behar komunikatiboaren araberakoa... Gauzak horrela, forma batzuk sahiestu eta beste batzuk lehenetsiko dira. Gaur egun gainera, komunikabideetako hartzaileen parte-hartzea areagotzen ari da, eta horren harira adibidez, hartzailearenganako konplizitate bat lortzeko eta ulergarritasuna areagotzeko, tokian tokiko euskara formetara gerturatzeko joera handitzen ari da. Joera honek handitzen jarraitu du gainera, digitalizazioak eta multimedia euskarriak dakartzaten erabilerekin.

Guztia kontuan hartuta, Euskara Batuak eta Hiztegi Batuak malgutasuna behar dutela azpimarra daiteke. Izan ere, egungo komunikazio beharretara egokitzeak gure lexikoa zabaltzea eskatzen du, eta prozesu horretan, hainbat neologia formal eta semantiko sortu dira. Idatzizko tradizioa abiapuntu izan bazuen ere, Euskara Batuak malgutasuna behar du egungo behar komunikabideetara egokitu eta erabilgarri izaten (eta beraz, bizirik mantentzen) jarraitu nahi badu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario