viernes, 14 de enero de 2011

Euskara eta maskaradak desagertzear

Santa Grazi herrian (Zuberoa) egingo den azken maskarada izan daiteke aurtengoa, euskara bizitzen ari den gainbehera dela eta. Halaxe adierazi dio Laurent Chübürü Santa-Grazi elkarteko lehendakariak Xiberoko Bozari.

1968an 500 pertsona bizi ziren herrian eta horietatik %95ek euskaraz hitz egiten zuen. Baina gaur egun, 200 lagun inguru bizi dira bertan, eta euskarak atzerakada nabarmena jasa duela ohartarazi du Chübürük. Askotan etxean frantsesa egiten dute soilik, eta horrela, euskararen transmisioa puskatu egin da.

Santa Grazin azken aldiz maskaradak 1994an antolatu ziren. Aurten ere, herriko gazteek antzeztuko dute, baina azken aldia izan daitekeela uste du Chübürük. Izan ere, gero eta gutxiago dira euskaraz dakiten gazteak, eta horrela nekez errezitatuko dituzte maskarada osatzen duten kritikak eta kronikak. Ahozkotasunak berebiziko garrantzia izan du urteetan euskararen transmisioan, eta maskaradak ere badira horren erakusgarri. Badirudi ordea, biak galtzear daudela Santa Grazin, bai euskararen transmisioa, eta beraz, baita maskaradak ere. 



Guztira 15 erakustaldi egingo dituzte, otsailaren 6a eta maiatzaren 15a bitartean. Horietako bat Donostian emango ote dute ere aipatu da, baina ez da datarik zehaztu oraingoz.

1 comentario:

  1. Post hau twitter eta facebook-eko nire profilean, facebook-eko "herri musika" orrialdean, aupatu.com-en (gaztelerazko bertsioan, euskarazkoa ez baitabil oso ondo) eta zabaldu.com-en kokatu dut.

    ResponderEliminar