martes, 30 de noviembre de 2010

Nazioarteko bertsolaritza Euskal Herrian

Ezaugarri bera dute Kubako repentistek, Uruguaiko payadoreek eta Euskal Herriko bertsolariek: inprobisazioan aritzen direla, alegia.

Atzo hasi eta abenduaren 5era bitartean Gasteizen egiten ari den Kongresu bat dela eta, batbatekotasunean aritzen diren hauek hainbat erakustaldi egingo dituzte. Elkarrekin nola uztartzen eta elkar nola ulertzen diren, beren arteko komunikazioa nolakoa izan daitekeen eta elkar adarra nola jotzen dioten ere azalduko dute. Jolastu eta ondo pasatzeaz gain, elkarrengandik ikasteko aukera paregabea da hau, dudarik gabe.

Ondorengoak dira gurera etorri direnak: Uruguaiko Mariela Acevedo eta Gabriel Luceno payadoreak eta kubako Alexis Díaz Pimienta repentista. Bi musikari ere izango dira, Angel Luis Aguiar (lauda) eta Rubén Aguilar (kitarra). Bertsolariak berriz, tokian tokikoak izango dira.

Emanaldiak Gasteizen, Gernikan, Bilbon, Iruñean, Donostianeta Durangon izango dira aste honetan zehar. Egitarau oso ikusteko, sartu Bizkaie!-ren edo Bertsozaleen Elkartearen web orrian.

lunes, 29 de noviembre de 2010

¡Si yo hablo siempre en euskera!

Gertu dago Euskararen Eguna, eta horren harira, Donostiako Euskararen Udal Patronatuak hainbat ekimen jarri ditu martxan gazteen artean ere euskararen erabilera bultzatzeko.

Izan ere, 2006an EUSTATek egindako azterketa baten arabera, Donostian, 24 urtetik beherako gazteen %90 euskaraz ulertu eta hitz egiteko gai da, baina ez dute erabiltzen.

Horri irtenbidea bilatzeko, Zurriolako Antzerki Eskolako kideek hainbat sketch grabatu dituzte, Nik ere euskaraz ekimenaren barruan. Dudarik gabe, bigarren bideoa da esanguratsuena!

viernes, 26 de noviembre de 2010

Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketa larunbatean

Bihar XXX. Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketa ospatuko da Pasai Donibanen, Pasaiako Udalak, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak (EDB) eta Alkarkide Alkartasunako Dantzari Ohiak taldeak antolaturik. Lehiaketa arratsaldeko 19:00etan hasiko da, kirolgeian.

Zortzi parte-hartzaile izango dira bertan, horien artean, faboritoa eta lehengo urteko irabazle Iker Larunbe atarrabiarra. Gainontzekoak gipuzkoarrak dira: Ander Diez (Lezo), Unai Etxebeste (Baliarrain), Iker Sanz (Lezo), Aritz Iglesias (Tolosa), Aitor Arrieta (Errenteria), Beñat Asensio (lezo) eta Juan Urretabizkaia (Tolosa).

Datzari bakoitzak, sokadantzaren bost zati dantzatu beharko ditu: Soinu Zaharra (Puntamotz), hirunaka dantzatu beharrekoa; eskua aldatzeko soinua (Alpargata), banaka; Kontrapasa (Agurra), neskari eskainitako dantza; aurkez aurke (Desafioa), bi dantzari aurrez aurre aritzekoa; eta Zortzikoa, interpretazio librea egitekoa.

Informazio gehiago:

jueves, 25 de noviembre de 2010

Garikoitz Mendizabal eta Aitor Furundarenaren disko berria kalean da

Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Aitor Furundarena akordeoi-joleak Arnasak disko berria kaleratu dute. Diskoa "bien arteko harreman onaren ondorioz" sortutako lana dela diote bi musikariek. Zuzeneko kontzertu batzuk egin eta grabatu dituzte, "lokal txikietan, jendea gertu sentitzen zuten lekuetan", eta "oso esperientzia politza" izan dela azpimarratu dute.



Diskoa osatzen duten kantu gehienak beste artista eta konpositore batzuen obrak dira, nahiz eta abesti pare bat beraiek egindako moldaketak diren.

Lan honetarako giltza "elkarri entzutea" dela uste dute. "Ez txistuak ez akordeoiak ez dute hartzen besteak baino protagonismo handiagorik. Bien arteko kimika berezia sortu da eta lan polita atera da". "Partituretara gehiegi lotu gabe" jotzen dutela ere aipatu dute, "kantuei bizia ematen saiatzen" direla.

Grabazioan orain areko zuzenekoak bildu badituzte ere, kontzertu gehiago sortzea ez dute baztertzen.

miércoles, 24 de noviembre de 2010

Gazteak eta elikadura podcasta

Hementxe TILA taldearen azken lana! Oraingoan, istorio bat kontatu dugu audioaren bitartez, berriro ere, Gazteak eta elikadura gaiaan oinarrituta. Jessy da gure protagonista. Orain gutxi hasi da etxetik kanpo bere kabuz bizitzen, eta ez da guztiz moldatzen. Lana dela, asteburuetan parranda egin nahi duela, sukaldean aritzea ez zaiola gustatzen... ez du elikadura batere zaintzen. Baina pixkanaka, osasunak duen garrantziaz ohartuko da, eta sukaldean moldatzen  hasi beharko duela ulertuko du...

martes, 23 de noviembre de 2010

Euskal Herrian ere lipdub!

Badakit dagoeneko denek entzun duzuela zer edo zer lipdub-ei buruz. Ziur, asko nazka-nazka egina ere badagoela bideo musikal mota berria hauekin... Baina kontua hasi besterik ez da egin!

Dirudienez, Quebec-eko Unibertsitateko komunikazio ikasleek egin zuten lehenetariko lipdub arrakastatsua duela urtebete.





















Honek lortutako ospea mundu guztira zabaldu da. Joseina Etxeberriaren belarri zuloetara ere iritsi ziren bibrazio onak, eta Euskadi Gazteak lipdub lehiaketa antolatu du. Hasieran bideo gutxi bidali baziren ere, azkenerako jende asko animatu da, eta lehiaketa puri purian dago orain. Abenduaren 1ean jakinaraziko da zein den bideo irabazlea. Noski, aurrez, denon botoak behar dira!

Baina horrez gain, bada gure artean zeresan handia eman duen bese lipdub bat. Parte-hartze handia dela eta, errekorra lortu du gainera. Katalunian egin den lipdub-az ari naiz, noski.

Hau ikusita, inbidia sanoak jota geratu da bat baino gehiago... eta bai! Oraingoan ere, euskaldunak atzetik, kopiak egiten! Baina ez edonolako kopiak! Euskadi Gazteak antolatutako lipdub lehiaketan bada atzerriko formatu hau gurera moldatzeko abilezia izan duenik (ez dut izenik esango, ea gero botoak ematerako orduan eragina izan dudala leporatzen didaten!).

Orain, azken txanpa geratzen zaigu. Euskal Herriaren independentziaren aldeko lipdub jendetsu bat antolatzea! Euskalherrian.info ari da dagoeneko lanean. Durangoko Azoka aprobetxatuz, Durangon bertan abenduaren 6an grapatuko da lipdub hau. Ideiak eta proposamenak ez dira falta. Jendea animatzea besterik ez da behar!

Oraingoz, Kortaturen Sarri sarri kantua erabiltzeko asmoa dagoela dirudi, eta charleston edo jump-style dantzatzeko estiloak proposatu dira... Hasi buruari buelta batzuk ematen eta gorputza tenorean jartzen! Iritsi da mugitzeko unea!

lunes, 22 de noviembre de 2010

Zorionak musikari!

Gaur, azaroaren 22a, musikari guztiak zoriontzeko eguna dugu, Santa Zezilia eguna, hain zuzen ere. Kondairaren arabera, Zezilia V. mendean bizi izan zen erromatarra zen, kristautasunera bihurtu zena. Bere senarra, anaia, eta beste hainbat kristautasunera bihurtzeko ahalegina ere egin zuen, eta ondorioz, hiltzera kondenatua izan zen. Baina badirudi, behin baino gehiagotan saiatu arren, ez zutela Zezilia berehalakoan hiltzea lortu, eta martirioak iraun bitartean, kantari aritu zela.

Santa Zeziliaren inguruan ezer ziurrik ez dago. Benetan Zeziliarik izan zen ere ez dago argi. Bestalde, musikarien, poeten, itsuen eta hainbat herritako patroi bada ere, horiekin lotura zuzenik ba ote dagoen ere inork ez daki. Musikarien patroi bihurtzea Erdi Aroko kontua dela dirudi. Orduz geroztik, Santa Zeziliaren irudiak sarri musika tresna batekin lotuta agertu dira.

Kondairak kondaira, zer ospatu badela gaurkoan. Zoriondu inguruko musikariak, eta gozatu egun hauetan eskaintzen diren mota guztietako kontzertuekin!

Zorionak zuri ere!



  • bide batez, Zorionak Amatxo! gaurkoan... hainbat urte betetzen ditu eta!

sábado, 20 de noviembre de 2010

Erromeria gaur Donostian

Gaur arratsaldeko 18:30ean Erromeria izango da Donostiako Konstituzio Plazan, Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak antolaturik. Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak jarriko du musika, Hernaniko Dultzaineroak taldeak lagunduta.

Fernando Ruiz izango da emanaldiaren aurkezle eta dantza eragilea, beraz, edonor gerturatu daiteke gorputza astintzera, oholtza gainetik erakutsiko baitituzte dantzarako pausuak.

Mota guztietako dantzak joko dira: polkak, baltsak, kontradantzak, kalejirak, fandango eta arin-arinak, jolas-dantzak, jotak... Beraz, aitzakiarik ez dago, bertaratu eta musikaren erritmora mugitzeko.

viernes, 19 de noviembre de 2010

Ibon Koteronen "Alboka 2.1" kontzertua Galdakaon

Ibon Koteron albokariak Alboka 2.1 bere azken lanaren inguruko kontzertua eskainiko du gaur 21:00etan Galdakaoko Iturrondo plazan.

Emanaldi hau Galdakaoko Andra Mari dantza taldearen 55. urteurrenaren barruan antolaturiko egitarauaren parte da.Gaur hasi, eta azaroaren 28ra bitartean hainbat ekitaldi eta kontzertu antolatu dituzte urteurrena ospatzeko asmoz.

Programa osorik ikusteko, egin klik hemen.

miércoles, 17 de noviembre de 2010

Handik Hona podcastaren saio berria

Multimedia Komunikazioa masterrean egiten ari garen lan batzuen artean Handik Hona bidaia podcasta jarri dugu martxan gelakideok.
Podcast honen bitartez, Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzera gonbidatu nahi zaituztegu. Kasu honetan, hementxe entzungai duzuena, Leireko Monasteriora eginiko bisita da.



Handik Hona podcastaren saio gehiago entzuteko, egin klik hemen!

lunes, 15 de noviembre de 2010

Argia.com: Twitter komunikazioan izaten ari den eraginaz, etzi Eibarren

Informazioa: www.argia.com
CodeSyntax enpresaren 10. urteurrenaren harira, Twitter komunikazioan izaten ari den eraginaren inguruko jardunaldia egingo da etzi Eibarren (Gipuzkoa), CodeSyntax-en egoitzan (Azitaingo Industrialdean). Joxe Aranzabalek (Huhezi) hedabide molde berriak izango ditu hizpide, Iban Arantzabalek (Goiena) Twitter, eta Luistxo Fernandezek Umap proiektua aurkeztuko du.

miércoles, 10 de noviembre de 2010

Inauteriak hizpide Oiartzunen

Hil honen 27an eta 28an inauterien inguruan hitz egiteko mahai ingurua antolatu du Oiartzungo Herri Musikaren Txokoak.

Inauterietan festa giroa izaten da nagusi, baina hainbat kulturetan ospatzen den jai honek duen zentzu sinbolikoaz gain, zentzu soziala aztertuko da. Antropologia eta folklorea izango dira abiapuntu, eta kazetaritza eta ikuskizunaren munduen artean dauden arloetan inauterien inguruko ikerketetan egindako hutsak ere aztertuko dira.

Horrez gain, hainbat herritan inauterietan plazaratzen diren dantza eta musikak ikusi eta entzuteko aukera izango da.

Jardunaldi hauetan parte hartu nahi izanez gero, hilaren 25a baino lehen izena eman behar da.

EGITARAUA

viernes, 5 de noviembre de 2010

Ttakun Ttan Ttakun larunbatean Kursaalen

Juan Mari Beltran musikari eta ikertzailearen emanaldia izango da larunbat honetan Donostiako Kursaalen. Ttakun Ttan Ttakun, txalapartaren inguruko lana plazaratuko du bertan. Txalapartari buruzko liburua, cd-a eta dvd-a argitaratu zituen lehengo urtean Ttakun Ttan Ttakun proiektuaren barruan, eta orain, emanaldiz emanaldi, txoko batetik bestera zabaltzen ari da.

 Larunbatean 20:00etan Kursaalen eskainiko duen kontzertuan, txalapartaren hotsen bidez bidaiatzera gonbidatuko gaitu, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean eta Jon Maiaren koreografiekin lagunduta. Sarrerak servikutxa bidez eros daitezke dagoeneko.

Aurrerapen txiki bat:

jueves, 4 de noviembre de 2010

Zer iradokitzen dizu zuri?

Multimedia Komunikazioa Masterrean egiten ari garen ariketa batzuen harira, hotsen bidez istorio bat kontatzen saiatu gara. Hemen duzue entzungai TILA taldearen lana.
Animatu eta azaldu iruzkin baten bidez ulertu duzuna!

Gazteak eta sagardotegia

Nazioarteko Trikitixa Jaialdia

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak bederatzigarren aldiz antolatu du Nazioarteko Trikitixa Jaialdia. Euskal soinu jotzaileak entzuteko parada izango da bertan, baina horiez gain, Bretainiatik, Italiatik eta Kataluniatik etorriko trikitilariak ere ariko dira.

Urteroko ohiturei jarraituz, Euskal Herriko hiru ordezkari eta atzerriko beste hiru ariko dira soinua jotzen, bi edo hiru lagunetako talde txikietan. Horrela, atzerrian jotzen diren doinuak ezagutu eta erakutsi nahi dituzte, eta bestalde, bertakoak ere zabaltzea lortu nahi dute.

Bi emanaldi eskainiko dira Jaialdiaren barruan. Bata bihar, Tolosako Leidor antzokian izango da, 22:00etan. Bigarrena berriz larunbatean, Getxoko Andres Isasi musika eskolan, 22:00etan baita ere. Dagoeneko sarrerak salgai daude Kutxaren lehiatilaren bidez, eta emanaldi bakoitzeko lehiatilan ere salgai jarriko dira kontzertua baino ordubete lehenago.

Irakurri berri osoa: