lunes, 17 de enero de 2011

8. zeregina: gogoeta teorikoen analisia

Ikusentzunezko produktuek berebiziko garrantzia hartu dute egun multimedia diskurtsoan. Izan ere, multimediatasunak ahalbidetzen du neurri handi batean informazio bat zabaltzeko euskarri bat baino gehiago erabiltzea: irudi geldia, mugimenduan dagoen irudia eta ahozko diskurtsoa eta hotsak batzen baititu.

Sareak hala ere, aurreko gogoetetan azaldu bezala, baliabide gehiago eskaintzen ditu multimediatasunaz gain, hipertestua kasu. Honek ikusentzunezko produktuak hobeto kokatzea eta bertan eskaintzen den informazioa osatzea ahalbidetzen du. Horretarako, hipertestuaren egitura desberdinak erabil daitezke. Alde batetik, ikusentunezko produktua idatzizko informazioarekin ager daiteke. Bestalde, ikusentzunezko produktu hori webguneko orrialde nagusian ager daiteke informazio idatziarekin lotuta, edota beste atal bereizi batean ager  daiteke, galeria moduan sailkatuta, adibidez.

Produktuak izan ditzakeen funtzioak ere bat baino gehiago dira: idatzitako informazioarengandik guztiz independentea izan daiteke, eta beraz, informazio ahalmen osoa izan dezake; edota idatzizko informazioa osatzen duten bideoak izan daitezke(produktu osagarriak); idatzizkoan esandakoa baieztatzeko ere erabil daitezke (errepikapena); edo produktu osoa lotzeko multimedia baliabide bat gehiago izan daiteke (hipertestua, testu idatzia, audioa, argazkiak, etab.-ekin batera). 

Bideo horien jatorriari dagokionez, hedabideen araberakoa izaten da. Izan ere, hedabide batzuek agentzia edo banatzaileengandik jasotako bideoak argitaratzen dituzte bere horretan. Beste batzuek, aldiz, kazetari batek ekoitzitakoak argitaratzen dituzte. Eta beste batzuek aldiz, hedabideak berak ekoitzitakoak.  

Hau guztia kontuan hartuta, hainbat autorek hutsune batzuk ikusten dituzte ikusentzunezko produktuen erabileran. Batez ere, izaera multimediatikodun kazetarien falta. Hau da, kazetari bakarra izan dadila produktu multimedia osoa ekoitziko duena: bai testu idatzia, bai ikusentzuneko produktua eta berau osatzen duten baliabide guztiak. Modu horretan, produktu integratua osatzea errazagoa izango litzake.  

Berria, Argia eta Eitb-ren kasuan, orokorrean beraiek ekoiztutako bideoak dituzte sarean. Baina Berriak eta Argiak askotan egiten ez duten bezala, Eitb-k testuan agertzen dena errepikatzen du gehienetan bideoetan (albistea motzago egiteko modua bezala hartzen dute bideoa. Irudi batzuk jarri eta idatzizko testuan esaten dena errepikatzen dute). Gainera, Eitb-k telebistan emititzen dituen bideo berberak sareratzen ditu; ez ditu sarerako aparteko bideoak ekoizten, ez askotan behintzat. Bestalde, aipatu beharra dago, Argiak beste batzuk ekoitzitako bideo asko dituela, baina horretara bideratutako atalak dituelako, multimedia atalean.

Hau guztia kontuan izanda, euskarazko ikusentzunezko produktuen kasuan (aztertutako hedabide horien kasua kontuan hartuta) gehienak hedabideak berak ekoitzitako produktuak direla nabarmenduko nuke. Hau garrantzizkoa da, hedabide bakoitzak bere testuinguruaren eta helburuaren arabera moldatu behar baitu iformazioa. Eta gainera, horrela informazioari orijinaltasuna ematen zaio, beste hedabideek egiten dutena errepikatu beharrean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario