martes, 28 de diciembre de 2010

Euskal kantak nazioartean

Euskal kantak, euskara bera bezala, gure kulturari lotuta daude, eta hedapen txikia dutela iruditzen zaigu... Seguru? Nazioatera ere iritsi dira ba, hainbat euskal kanta Biper Kombo taldeari esker!

Guk euskaraz, zuk zergatik ez? saltsa bertsioan entzun dezakegu...



Iturengo arotza berriz, Bollywood-eko eran!



Iparraldeko Biper Kombo taldeak moldatutakoak dira bertsio hauek guztiak, eta badirudi serio hartu dutela lana, dagoeneko album bat baino gehiago baitute. Spotify bidez ere entzun daitezke abesti hauek. Argibide gehiago nahi izanez gero, sartu sustatu.com-en.

domingo, 26 de diciembre de 2010

Dantzaldia gaur Elgetan

Dantzaldia izango da gaur Elgetan, Espaloia Kafe Antzokian. Hileko azken igandeetan gidatutako dantzaldia antolatzen dute, eta Euskal Herriko eta Europako dantza tradizionalekin gozateko doako aukera hau eskaintzen dute. Edozeinek har dezake parte bertan, gozatzeko prest badago!


Batzuetan taldean edota beste batzuetan bikoteka dantzatzeko saioa da. Parte hartzaileen maila kontuan hartzen dute antolatzaileek dantzak aukeratzeko orduan: kalejirak, korruan dantzatzekoak, bikoteka dantzatzekoak... Eta behar izanez gero, gidari bat izango da dantzan laguntzeko.

Hileko azken igande guztietan bezala, gaur dantzaldia 19:00etan hasiko da, eta 20:30ak arte izango da gorputzak mugitzeko aukera

viernes, 24 de diciembre de 2010

Euskarari autopsia zorrotza egin dio Koldo Izagirrek

Koldo Izagirre idazleak euskararen egoeraren inguruko saiakera bat argitaratu berri du: Autopsiarako frogak. Zorrotz kritikatu ditu euskararen inguruan lanean dabiltzala dioten hainbat politika eta erakunde, eta ez dira edonolako iritziak izan bereak. Interes izugarria piztu du Izagirreren saiakera honek irakurleen artean, 15 egunetan amaitu baita argitalpen honen lehen edizioa.
Autopsiarako frogak, Koldo Izagirreren azken liburua.
Asko dira autopsia hori egiteko erabili dituen frogak. "Euskararen menderazioa teorizatua, adostua eta planifikatua" dela dio Izagirrek, eta arrazoi bat baino gehiago azaltzen ditu. Ondorengo hauexek, beste baztuen artean.

Euskararen inguruan mezu toxiko asko zabaldu direla uste du idazleak. "Euskara inposatu beharrean erdal hiztuna euskarara erakarri behar dela esatea" da Izagirreren aburuz mezu toxiko horietako bat: "erdarak legea du alde, eta berez erakargarria dela onartzen da".

Etxepare Institutua ere ez da garbi ateratzen euskararen erahilketa honen errudunak bilatzeko autopsian. "Euskara mundiala" kanpaina txatxukeriatzat dauka Koldo Izagirrek.

Eskubideak berriz, ez dira denontzat berdinak demokrazia honetan. "Hizkuntzak berak ez daukala eskubiderik esaten digute", azaltzen du idazleak, "eskuideak gizakionak direla. Baina euskalduna den gizakia muga bateraino da gizaki eskubideduna, handik aurrera ez".

Autopsia honetan zehar artseniko arrasto bat aurkitu du Izagirrek: elebitasuna. Bere aburuz, "elebitasun ofizialak inbaditu egin ditu euskararen eremu autonomo murritz eta txiki guztiak beste lehen ele horrekin". Eta ondorioz, "zer produzitzen dute erakundeak euskaran? Ezer ez".



Artsenikoa ez da autopsian agertutako froga bakarra, ordea. Agia aldizkarian idazten duen Gorka Bereziartua kazetariak tabakoaren keak eragindako minbizia ere aurkitu du euskal kulturaren biriketan. Boligrafo Gorria blogean idatzi du Tabakalerak jasandako diru laguntza murrizketaz. Euskal kulturaren alorrean lan txikiagoa egiten dutenek jasandako murrizketek ordea, ohiartzuna ere eskasa izan dute, baina nori axola dio?

lunes, 20 de diciembre de 2010

Eguraldi txarrak kaosa sortu du Europako aireportuetan

Hainbat hegaldi bertan behera gelditu dira Europa osoko aireportuetan asteburu honetan izan den eguraldi txarraren eta hotzaren ondorioz. Nahasmen handiena Londresen bizi izan da, Heathrow-eko aireportuan batez ere, baina baita Gatwick, Stansted eta Luton-ekoetan ere.


Heathrow-ekoa da hain zuzen, hegaldi gehien izaten dituen aireportua Europan, eta beste aireportuetarako konexio gehienak ere bertan egiten dira. Gauzak horrela, kaosa handia da, eta datozen egunetan trafikoa normaltasunera itzultzeko zailtasunak izango direla abisatu dute jada.

Gurean berriz, hamar hegaldi bertan behera utzi dituzte Loiuko aireportuan, eta ehundik gora Estatuko gainerakoetan, AENAk jakinarazi duenez. Bilbon, Alemaniarako sei hegaldi, Frantziarako bi eta Erresuma Baturako beste bi izan dira bertan behera gelditu diren hegaldiak. Hondarribiako, Forondako eta Noaineko aireportuetan berriz, normaltasuna da nagusi.

Estatuko aireportuek berriz, Erresuma Baturako 85 hegaldi, Frantziarako 55, Alemaniarako 24 eta Italiarako 4 utzi dituzte bertan behera.

Meteorologian adituek diotenez, tenperatura hotzak hilabete gehiago iraun dezake, batez ere, Eskozian, Ipar Irlandan, Galesen eta Ingalaterran, eta Heathrow-eko aireportuko web orri ofizialean adierazi dute asteazkenera arte (hilak 22), hiru hegalditatik bat izango dela aireratzeko moduan. Gaineratu dute, hurrengo egunetan ere, atzerapen eta bertan behera geratze gehiago egon daitezkeela.

miércoles, 15 de diciembre de 2010

Korrontzi eta Oinkari, herri musika garaikidea

Korrontzi folk musika talde bizkaitarrak eta Oinkari dantza talde gipuzkoarrak erakutsi nahi digute euskal musika herrikoiak ez duela zertan zaharra izan behar."Herri musika eta dantza tradizionala berritzeko grinak batzen" dituela diote, eta "iraganari etorkizunerantz joateko begiratzen" diotela.


Kepa Junkera trikitilariak eta Oskorri folk musika taldeak egindako lana dute oinarri Korrontzi taldekoek, baina dinamismo eta sormen ukitu handiagoarekin egiten dute lan. Oinkari dantza taldea berriz, ez dago tradizioari horren lotuta, eta musika garaikideagoa erabiltzen saiatzen da.




Hil honen 3an bi taldeek azken hilabeteetan eskaini duten ikuskizuna biltzen duen lana plazaratu zen: Infernuko hauspoa. Baina oraindik ere bada bi taldeen emanaldiaz gozatzeko aukera. Igande honetan adibidez, Ondarroako Kafe Antzokian izango dira.

lunes, 13 de diciembre de 2010

Sehaska ikusteko azken aukera

Larunbat honetan, hilak 18, Kresala dantza taldeak azkeneko aldiz eskainiko du Sehaska ikuskizuna, Donostiako Antzoki Zaharrean, iluntzeko 20:00etan. Emanaldi honekin amaituko da 2006an estreinatutako balet honen banaketa-eskaintza.


 Lau denboralditan zehar izan da dantza talde honen eskaintzaz gozatzeko aukera, bai Euskal Herrian eta baita Europako Nazioarteko dantza jaialdi nagusietan ere; hala nola, Holandan, Finlandian, Suitzan, Frantzian eta Belgradon.

 
Sehaska ikuskizunean 30 dantzarik eta 7 musikarik hartzen dute parte. Dantza antzeztua ikuskizun bat da, eta sinopsiak hala dio: "edukitzearen atsegina eta ez izatearen estutasuna lotzetik sortutako bi ildoetatik garatzen dira koreografia anitzak". Amaia Zubiriak eta Maddi Oyhenartek jarritako ahotsarekin, eta Tere Irastortzaren eta Bitoriono Gandiagaren poema batzuekin gozatzeko aukera ere badago emanaldian.