jueves, 14 de octubre de 2010

Errioxarrak eta hernaniarrak izan ziren Herri Musikaren Txokoan

Oiartzungo Herri Musikaren Txokoan antolatzen diren emanaldien zikloaren barruan, errioxarren eta hernaniarren kontzertuarekin gozatzeko aukera izan zen pasa den larunbatean, urriaren 9an. Juan Mari Beltranek aurkezpena egin ostean, Errioxatik etorritako hirukoteak eskaini zuen lehenik kontzertua. Errioxako bertako tradizioari lotutako koplak eta baladak izan ziren batik bat entzungai, herri soinu tresnek lagunduta. Pandero mota desberdinak, gitarraren familiako hainbat instrumentu eta armonika erabili zituzten, besteak beste. Umore ukitu bat ere eman zioten arratsaldeari, perkusio gisa erabili zuten txotxongilo batekin.



Errioxarrek amaituta, Hernaniko Musika Eskolako taldeak hartu zuen txanda. Dultzaina eta tanborra, alboka, txistua, xirula, biolina, akordeoia eta perkusioa izan ziren entzungai hernaniarren eskutik. Nafarroako dultzaina-joleen doinuekin jarri zuen taldeak hasierako alaitasuna, eta txistua eta silbotearekin goxatu zuten segidan giroa. Ondoren, alboka doinu ezagun batzuk izan ziren entzungai, akordeoiarekin lagunduta. Amaitzeko berriz, soinu-tresna guztiak tartekatu zituzten abesti dantzagarri batzuk eskaintzeko. "Propinarik" ere ez zen falta izan, eta kasu honetan, Gipuzkoako errepertoriotik hartutako kantuak joaz, dultzaina hotsekin bete zuten aretoa.



Arratsaldeari amaiera ona emateko, gerturatutako guztiek Herri Musikaren Txokoan bertan afaltzeko parada izan zuten, eta afalostean, kanturako eta dantzarako doinuekin gozatu zuten bertaratutako guztiek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario