Mostrando entradas con la etiqueta Hernani. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Hernani. Mostrar todas las entradas

lunes, 31 de enero de 2011

Pilota kantxan, festa Kontrakantxan

Pilota partidu interesgarriez gozatzeko aukera izan zen larunbatean Hernanin, Kontrakantxa Gaztetxearen eskutik. Esnal eta Oiagak 22-19 irabazi zieten Koka eta Ezeizari 4 1/2ra. Segidan, arratsalde hartan gogo bereziz esperotako partidua jokatzeko unea iritsi zen. Goñi IIa eta Elola, Ojuel eta Gorrotxategiren aurka aritu ziren, eta 22-16 irabazi zieten hernaniarrei.
Parte-hartzaileak partidua amaitu ostean. Hernaniko Kronika
Bi partiduek jende asko erakarri zuten frontoira, eta giroa bero-bero zegoen. Esatariek, juezek, Coca-Cola postuko "neskatxek", gixontxo hernaniarraren masajeek, apustu egileek... umore puntua jarri zuten, eta ikusleek emozioz eta algaraz bete zuten arratsaldea.

Ondoren, Kontrakantxa Gaztetxean pintxo eta edariak eskaini ziren bertaratutako guztientzat. Festak aurrera egin zuen gainera, eta gauean, BH Roja eta Despervicio taldeek kontzertua eman zuten, parranda ordu batzuetan luzatuz...

viernes, 28 de enero de 2011

Ikatza liburugune politiko-soziala irekiko da Hernanin

Ikatza liburuguneak gaur irekiko ditu ateak, Hernaniko Zapa kalean dagoen Karbonera etxean. Ekimenaren antolatzaileek liburugune politiko-soziala dela adierazi dute, eta "ezagutzaren arloan dagoen monopolioaren aurrean pentsaera eta jarrera kritikoa bultzatzea" dutela helburu.

Ikatza liburugunea, Hernaniko Zapa kalean.
Sarean, hainbat blog eta webgunetan egin dute propaganda, gaurkoan ahalik eta jende gehien biltzeko asmoz. Ilunabarreko 20:30ean izango da inaugurazioa, eta pintxo eta edariez gozatzeaz gain, bazkide egiteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.

Ikatza liburugunean adizkariak, liburuak, egunkariak eta bestelako edukiak maileguan hartzeko aukera izango da, soziologia, psikologia, historia, nazio gatazka, feminismoa, ekologismoa, langile borroka, anarkismoa, komunismoa eta beste hainbat gai jorratuko dituztenak. Horrez gain, tailerrak, hitzaldiak edota kanpainak antolatzeko asmoa dutela ere adierazi dute.

Bestalde, Preso bat, Liburu bat ekimena jarri dute martxan. Honen bidez, Ikatza liburugunea presoentzat ere eskuragarri egotea nahi dute, "proiektua herritar guztiei zuzendutakoa baita".

Parte hartzeko onena bertara gerturatzea da, baina ezin duenak, Karbonerako helbidera edo helbide elektronikora idaz dezake:
  • Zapa kalea 6, Posta Kutxa 13, 20120 Hernani (Gipuzkoa), Euskal Herria
  • ikatzahernani@gmail.com

martes, 26 de octubre de 2010

Hasi da Hernanin Domingeroen denboraldia

Pasa den igandean, hilak 24, Domingeroen denboraldiari hasiera ofiziala eman zitzaion Hernanin. Urtero bezala, aurten ere jende andana espero da herrian, iganderoko poteo eta parrandetan. Inguruko eta ez hain inguruko jendeak lepo beteko ditu Hernaniko taberna eta txoko guztiak, parranda zale amorratuena nor den erakutsi nahian.

Hala ere, Domingerorik handiena, urtero bezala, Hernanin bertan izendatu da. Denboraldiari hasiera ofiziala emateko, igandean egin zen ospakizun garrantzitsuena. Aurtengoan, Apo, 23 urteko hernaniarra, izan da "Habemus Domingerus" titulu berezia jaso duena, lehengo urteko denboraldiko poteatzailerik handienaren postua lortuta. Lehenengo Agurra dantzatu zitzaion, eta ondoren, tituluarekin batera, banda, Txirrisklas kopa handi bat eta sonbrila bat jaso zituen opari "Habemus Domingerus" berriak. Denboraldia ofizialki hasteko zinta mozteko ohorea ere berea izan zen.
"Habemus Domingerus" denboraldiari hasiera ematen.

 Titulu eta opari banaketaren ondoren, ekitaldia girotzeko OiDekOi! talde hernaniarren kontzertuaz gozatzeko aukera izan zen.
OiDekOi!

jueves, 14 de octubre de 2010

Errioxarrak eta hernaniarrak izan ziren Herri Musikaren Txokoan

Oiartzungo Herri Musikaren Txokoan antolatzen diren emanaldien zikloaren barruan, errioxarren eta hernaniarren kontzertuarekin gozatzeko aukera izan zen pasa den larunbatean, urriaren 9an. Juan Mari Beltranek aurkezpena egin ostean, Errioxatik etorritako hirukoteak eskaini zuen lehenik kontzertua. Errioxako bertako tradizioari lotutako koplak eta baladak izan ziren batik bat entzungai, herri soinu tresnek lagunduta. Pandero mota desberdinak, gitarraren familiako hainbat instrumentu eta armonika erabili zituzten, besteak beste. Umore ukitu bat ere eman zioten arratsaldeari, perkusio gisa erabili zuten txotxongilo batekin.



Errioxarrek amaituta, Hernaniko Musika Eskolako taldeak hartu zuen txanda. Dultzaina eta tanborra, alboka, txistua, xirula, biolina, akordeoia eta perkusioa izan ziren entzungai hernaniarren eskutik. Nafarroako dultzaina-joleen doinuekin jarri zuen taldeak hasierako alaitasuna, eta txistua eta silbotearekin goxatu zuten segidan giroa. Ondoren, alboka doinu ezagun batzuk izan ziren entzungai, akordeoiarekin lagunduta. Amaitzeko berriz, soinu-tresna guztiak tartekatu zituzten abesti dantzagarri batzuk eskaintzeko. "Propinarik" ere ez zen falta izan, eta kasu honetan, Gipuzkoako errepertoriotik hartutako kantuak joaz, dultzaina hotsekin bete zuten aretoa.



Arratsaldeari amaiera ona emateko, gerturatutako guztiek Herri Musikaren Txokoan bertan afaltzeko parada izan zuten, eta afalostean, kanturako eta dantzarako doinuekin gozatu zuten bertaratutako guztiek.