martes, 19 de octubre de 2010

Blogen arteko azterketa


Zibermedioen arteko analisiarekin jarraituz, blog batzuen arteko konparaketa eta azterketa da ondorengoa. Kasu honetan, Berria.info domeinuaren barruan argitaratzen diren bost blog izan ditut kontuan: Pello Zabalaren "Mendiko Behatokia”, Asier Azpilikuetaren “Ergeletan Ergelenak”, Juanma Sarasolaren “Urruneko Begirada”, Gorka Erostarberen “Gramofonoa” eta azkenik, “Begia”; Lorea Agirre, Jon Benito, Gotzon Hermosilla, Maialen Lujanbia, Garbiñe Ubeda eta Xabier Gantzarainen artean idatzia.

Esan bezala, blog guztiak Berria.info domeinuarenak dira, eta ondorioz, formatu bera jarraitzen dute. Guztiek azaltzen dute modu labur batean blogean zeri buruz idatziko den. Artxibo gisa balio duen egutegi bat ere badute, edozein egunetan argitaratutako posta modu errazean aurkitzea ahalbidetzen duena. Etiketak eta etiketa zerrenda ere erabiltzen dituzte guztiek, gai bera jorratzen duten post guztiak zerrendatu eta irakurri ahal izateko. Horrez gain, bi bilatzaile agertzen dira blog guztietan, oso erabilgarriak iruditu zaizkidanak. Alde batetik, blogean bertan bilaketa egin daiteke, eta bestalde, Berria.info-ko hemerotekan beste bilaketa bat egin daiteke.

Post bakoitzari dagokionez, guztietan agertzen dira sarrera horren izenburua, argitaratutako data eta hitz kopurua. Taldeko blogaren kasuan gainera (Begia-n), testua nork idatzi duen ere agertzen da.

Irakurleari dagokionez ordea, ez zaio aukera askorik ematen. Blog guztietan eskaintzen zaio iruzkin bat egitea, eta bloga bera RSS jario bidez jarrai daiteke. Hortik aurrera, txikia da irakurlearen parte-hartzea. Ezin du blogeko postik gorde edota zabaldu. Ez dago botoa emateko aukerarik ere, eta ez da inon jasotzen zein den testu irakurriena edota iruzkin gehien jaso dituena ere.

Horrez gain, nire ustez, blog guztietan errepikatzen den akatsik handiena eduki multimedien erabilera eskasa edo eza da. Kasu batzuetan ez da ez hipertesturik, ez eta argazki, bideo edota audiorik agertzen. Horrek, irakurle kopuruan eragina izan dezakeela uste dut. Izan ere, irakurle kopurua hauek utzitako iruzkin kopuruari begira kontatzen badugu, “Begia” blog-a da gutxien dituena, eta era berean, hau da eduki multimediak apenas erabiltzen dituen blogetako bat. Aldiz, Asier Azpilikuetaren “Ergeletan Ergelenak” bloga da argazki eta hipertestuez gain, bideoak dituen bakarra, eta baita irakurle gehien dituen bloga ere. Pello Zabalaren “Mendiko Behatokia”n ordea, nahiko irakurle dago, nahiz eta eduki multimediarik batere ez erabili. Kasu honetan, idazlearen maiztasunak garrantzia duela esango nuke, blog hau baita gehien eguneratzen dena. Azkenik, nahiz eta dagoeneko egunerokotasunik ez izan (azken posta: 2009-03-24), aipagarria iruditu zait Gorka Erostarberen “Gramofonoa” blogean audiorik edota bideorik ez erabiltzea, musikaren inguruan idatzi zuela kontuan hartuta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario