miércoles, 9 de marzo de 2011

Irakurketa aro berria

Guztia interneten dagoela entzutera ohitu gara jada. Baita liburuak ere. E-bookak denen ahotan daude, literatura digitalizatzeko saiakeran. Hala ere, internetek aukera handiagoak ematen ditu. Benetako narrazio digitalak, hipermediaz baliatzen den literatura digitala topa dezakegu. Horien adibide dira klasean aztergai izan ditugun Golpe de gracia eta Gabriella Infinita narrazioak.

Ez gaude formatu horietara ohituta. Hasieran nahasgarriak egiten direla esango nuke. Liburu bat esku artean dugunean garbi dugu non hasten den istorioa eta non bukatzen den, eta nahi izanez gero, deskantsu bat hartu ostean, non jarraitu behar dugun. Narrazio interaktibo hauetan berriz, kontua desberdina da. 
 Gabriella Infinitako protagonista Gabriela izeneko neska bat da, bere maitea, Federico desagertu ostean, hark utzitako arrastoaren bila dabilena, gerran dagoen hiri batean. Hiru “ate” ematen zaizkigu aukeran, eta behin “gela” batean sartzean, objektu bat aukeratu eta testua agertzen zaigu. Batzuetan, testu horrek bi dimentsio ditu: momentuko kontaketa eta oroimenera eramaten duena. Bestalde, musika edo irudiak ere agertzen dira tarteka. Ez dago narrazioan orden jakinik. Nahi den tokian hasi eta nahi den tokian utz daiteke irakurketa. Hala ere, esango nuke badagoela hari bat. Izan ere, gure irakurketa logikari jarraituz gero (ezkerretik eskuinera), lehenengo “atetik” hasiko ginateke, eta horixe da informazio gutxien eskaintzen duen gela. Azkenekoa berriz, osatuena da, eta testuaz gain musika eta irudiak eskaintzen dituena. Azkeneko gela horretako testuak irakurrita, istorioaren muina jaso dudala iruditu zait.
Golpe de gracia berriz, are interaktiboagoa da. Testuaz gain, narrazioan aurrera egin eta istorioa bere osotasunean ulertzeko, jokoak ditugu eskura, bideojoko itxurakoak. Horrek, irakurlearen aldetik parte-hartze handiagoa eskatzen du. Gainera, irakurleari berari istorioa osatzeko aukera ematen zaio, pasarte batzuetarako proposamenak idatziz. Istorioaren muina argi geratzen da hasieratik: gizon bat, apaiza izandakoa, ospitalean dago, koman, bera hiltzen saiatu baitira. Bisitak jasotzen ditu, baina denek haserre hitz egiten diote. Protagonista ordea, beste “mundu” batean, oroitzapenen artean mugitzen da, eta bertan aurkituko ditugu pistak biltzeko gainditu beharreko jokoak. Hirugarren “mundu” batean berriz, beste joko baten bidez, hilketa saiakera horren nondik norakoak ulertzeko ikertzen ari den kazetari baten paperean sartuko gara. Hori guztiaz gain, testuak atalka sailkatuta aurkituko ditugu, jokoez aparte, irakurketa soila egiteko moduan. Gainera, narrazio digitalen inguruan wikipedian esaten denera loturak ageri dira beste atal batean. Baita lan honen autorearen blogera ere, narrazioaren inguruan ematen dituen argibideak ikusteko. Narrazio osoa pdf formatuan ere deskarga dezakegu.

Narrazio digital hauek nahasgarri egiten zaizkigu hasieran. Istorioa bere osotasunean ulertzeko ordena falta zaigula ematen du, eta datuak galtzen ditugula. Baina irakurleari berebiziko garrantzia ematen zaio, narrazioaren ildoa bere esku utziz. Irakurleak erabakitzen du nondik hasi eta non bukatu. Horrek, eduki bera behin eta berriro arakatzeko ahalegina eskatzen du, eta aldi berean, gogo hori pizten du. Istorioa ez dela sekula amaitzen sentitzen dugu, eta berriro aplikazioan sartuz gero, gauza gehiago jakingo ditugula. Golpe de graciaren kasuan gainera, berriro saiatzeko pizten den gogoa nabariagoa izan da, nire kasuan behintzat. Jokoak ez dira berehalakoan gainditzen beti, eta horietatik istorioa hobeto ulertzeko datuak jasotzen ditugu. Horrela, behin eta berriro saiatu arren, ez gara aspertzen, gauza gehiagoren jakitun egiten garelako istorio beraren inguruan.

Hala ere, hasierako harridura horren nabarmena gerta ez dakigun, bada bestelako narrazio digitalik ere, ohiko liburuen formatuan ere erabilia izan dena. El aprendiz de detective istorioan, narrazioarekin jarraitzeko bi aukera ematen zaizkigu, eta hartzen dugun bidearen arabera, istorioak modu batean edo bestean jarraituko du. Kasu hau sinple xamarra da, eta azkenean, istorioaren amaiera berdina da ia beti. Mota bateko edo besteko narrazioa izanda ere, proba egitea da kontua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario