viernes, 24 de diciembre de 2010

Euskarari autopsia zorrotza egin dio Koldo Izagirrek

Koldo Izagirre idazleak euskararen egoeraren inguruko saiakera bat argitaratu berri du: Autopsiarako frogak. Zorrotz kritikatu ditu euskararen inguruan lanean dabiltzala dioten hainbat politika eta erakunde, eta ez dira edonolako iritziak izan bereak. Interes izugarria piztu du Izagirreren saiakera honek irakurleen artean, 15 egunetan amaitu baita argitalpen honen lehen edizioa.
Autopsiarako frogak, Koldo Izagirreren azken liburua.
Asko dira autopsia hori egiteko erabili dituen frogak. "Euskararen menderazioa teorizatua, adostua eta planifikatua" dela dio Izagirrek, eta arrazoi bat baino gehiago azaltzen ditu. Ondorengo hauexek, beste baztuen artean.

Euskararen inguruan mezu toxiko asko zabaldu direla uste du idazleak. "Euskara inposatu beharrean erdal hiztuna euskarara erakarri behar dela esatea" da Izagirreren aburuz mezu toxiko horietako bat: "erdarak legea du alde, eta berez erakargarria dela onartzen da".

Etxepare Institutua ere ez da garbi ateratzen euskararen erahilketa honen errudunak bilatzeko autopsian. "Euskara mundiala" kanpaina txatxukeriatzat dauka Koldo Izagirrek.

Eskubideak berriz, ez dira denontzat berdinak demokrazia honetan. "Hizkuntzak berak ez daukala eskubiderik esaten digute", azaltzen du idazleak, "eskuideak gizakionak direla. Baina euskalduna den gizakia muga bateraino da gizaki eskubideduna, handik aurrera ez".

Autopsia honetan zehar artseniko arrasto bat aurkitu du Izagirrek: elebitasuna. Bere aburuz, "elebitasun ofizialak inbaditu egin ditu euskararen eremu autonomo murritz eta txiki guztiak beste lehen ele horrekin". Eta ondorioz, "zer produzitzen dute erakundeak euskaran? Ezer ez".



Artsenikoa ez da autopsian agertutako froga bakarra, ordea. Agia aldizkarian idazten duen Gorka Bereziartua kazetariak tabakoaren keak eragindako minbizia ere aurkitu du euskal kulturaren biriketan. Boligrafo Gorria blogean idatzi du Tabakalerak jasandako diru laguntza murrizketaz. Euskal kulturaren alorrean lan txikiagoa egiten dutenek jasandako murrizketek ordea, ohiartzuna ere eskasa izan dute, baina nori axola dio?

1 comentario:

  1. Post hau zabaltzeko, twitter, aupatu eta facebook-eko nire perfila erabili ditut.

    ResponderEliminar