lunes, 20 de diciembre de 2010

Eguraldi txarrak kaosa sortu du Europako aireportuetan

Hainbat hegaldi bertan behera gelditu dira Europa osoko aireportuetan asteburu honetan izan den eguraldi txarraren eta hotzaren ondorioz. Nahasmen handiena Londresen bizi izan da, Heathrow-eko aireportuan batez ere, baina baita Gatwick, Stansted eta Luton-ekoetan ere.


Heathrow-ekoa da hain zuzen, hegaldi gehien izaten dituen aireportua Europan, eta beste aireportuetarako konexio gehienak ere bertan egiten dira. Gauzak horrela, kaosa handia da, eta datozen egunetan trafikoa normaltasunera itzultzeko zailtasunak izango direla abisatu dute jada.

Gurean berriz, hamar hegaldi bertan behera utzi dituzte Loiuko aireportuan, eta ehundik gora Estatuko gainerakoetan, AENAk jakinarazi duenez. Bilbon, Alemaniarako sei hegaldi, Frantziarako bi eta Erresuma Baturako beste bi izan dira bertan behera gelditu diren hegaldiak. Hondarribiako, Forondako eta Noaineko aireportuetan berriz, normaltasuna da nagusi.

Estatuko aireportuek berriz, Erresuma Baturako 85 hegaldi, Frantziarako 55, Alemaniarako 24 eta Italiarako 4 utzi dituzte bertan behera.

Meteorologian adituek diotenez, tenperatura hotzak hilabete gehiago iraun dezake, batez ere, Eskozian, Ipar Irlandan, Galesen eta Ingalaterran, eta Heathrow-eko aireportuko web orri ofizialean adierazi dute asteazkenera arte (hilak 22), hiru hegalditatik bat izango dela aireratzeko moduan. Gaineratu dute, hurrengo egunetan ere, atzerapen eta bertan behera geratze gehiago egon daitezkeela.

2 comentarios: