lunes, 31 de enero de 2011

Pilota kantxan, festa Kontrakantxan

Pilota partidu interesgarriez gozatzeko aukera izan zen larunbatean Hernanin, Kontrakantxa Gaztetxearen eskutik. Esnal eta Oiagak 22-19 irabazi zieten Koka eta Ezeizari 4 1/2ra. Segidan, arratsalde hartan gogo bereziz esperotako partidua jokatzeko unea iritsi zen. Goñi IIa eta Elola, Ojuel eta Gorrotxategiren aurka aritu ziren, eta 22-16 irabazi zieten hernaniarrei.
Parte-hartzaileak partidua amaitu ostean. Hernaniko Kronika
Bi partiduek jende asko erakarri zuten frontoira, eta giroa bero-bero zegoen. Esatariek, juezek, Coca-Cola postuko "neskatxek", gixontxo hernaniarraren masajeek, apustu egileek... umore puntua jarri zuten, eta ikusleek emozioz eta algaraz bete zuten arratsaldea.

Ondoren, Kontrakantxa Gaztetxean pintxo eta edariak eskaini ziren bertaratutako guztientzat. Festak aurrera egin zuen gainera, eta gauean, BH Roja eta Despervicio taldeek kontzertua eman zuten, parranda ordu batzuetan luzatuz...

viernes, 28 de enero de 2011

Ikatza liburugune politiko-soziala irekiko da Hernanin

Ikatza liburuguneak gaur irekiko ditu ateak, Hernaniko Zapa kalean dagoen Karbonera etxean. Ekimenaren antolatzaileek liburugune politiko-soziala dela adierazi dute, eta "ezagutzaren arloan dagoen monopolioaren aurrean pentsaera eta jarrera kritikoa bultzatzea" dutela helburu.

Ikatza liburugunea, Hernaniko Zapa kalean.
Sarean, hainbat blog eta webgunetan egin dute propaganda, gaurkoan ahalik eta jende gehien biltzeko asmoz. Ilunabarreko 20:30ean izango da inaugurazioa, eta pintxo eta edariez gozatzeaz gain, bazkide egiteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.

Ikatza liburugunean adizkariak, liburuak, egunkariak eta bestelako edukiak maileguan hartzeko aukera izango da, soziologia, psikologia, historia, nazio gatazka, feminismoa, ekologismoa, langile borroka, anarkismoa, komunismoa eta beste hainbat gai jorratuko dituztenak. Horrez gain, tailerrak, hitzaldiak edota kanpainak antolatzeko asmoa dutela ere adierazi dute.

Bestalde, Preso bat, Liburu bat ekimena jarri dute martxan. Honen bidez, Ikatza liburugunea presoentzat ere eskuragarri egotea nahi dute, "proiektua herritar guztiei zuzendutakoa baita".

Parte hartzeko onena bertara gerturatzea da, baina ezin duenak, Karbonerako helbidera edo helbide elektronikora idaz dezake:
  • Zapa kalea 6, Posta Kutxa 13, 20120 Hernani (Gipuzkoa), Euskal Herria
  • ikatzahernani@gmail.com

miércoles, 26 de enero de 2011

4. eta 5. zereginak: Kalitate linguistikoa bermatzeko baliabideak multimedia informazioetan

Multimedia produktuen kalitate linguistikoaren kudeaketarako izipideak eta baliabideak: 3.langaia.

Lamarcaren "Características del hipertetxo. Hipertexto: El nuevo concepto de documento en la cultura de la imagen" lanaren arabera, hauek dira hipertestuaren ezaugarriak: konektibitatea, digitalizazioa, multimediatasuna, interaktibitatea, berrerabilpena eta zabalkundea.

Ezaugarri horiek guztiak kontuan hartuta, hizkunzaren baliabideen kudeaketan hainbat gauza hartu behar ditugu kontuan. Alde batetik, komunikatzaileak landu behar duen testuan hainbat lotura egingo ditu, informazioa osatzeko helburuarekin, eta kasu horretan, lotura horiek komunikatzaileak berak landu duen testuan erabilitako hizkuntzarekin bat datozela ziurtatu behar du.

Gainera, euskarri bat baino gehiago erabiltzeko orduan, hizkuntzaren inguruan hartutako erabakiak errespetatu behar dira euskarri guztietan, eta kohesioa bermatu. Bestalde, komunikatzaileak landutako informazioa berrerabili eta zabaltzeko aukera izango dela gogoratu behar da, eta beraz, hizkuntza egokia erabili behar da. Hartzailearen arabera ere, hizkuntzaren baliabide batzuk edo beste batzuk hautatuko dira.

Hartzailearen parte-hartzeari dagokionez, zailagoa da hizkuntzaren kalitatea bermatzeko komunikatzaileak erabili dituen baliabideak hartzaileari errespeta ditzan eskatzea. Askotan, hitz itxusiak, edota gaiarekin zerikusirik ez duten iruzkinak egiten dituzte, eta beraz, zaila da hartzailearen hizkuntza kontrolatzea.

Lehenago egindako post batean azaldu bezala, hizkuntzaren kalitatearen inguruko baliabideak aukeratzeko hainbat tresna aurki daitezke sarean bertan. Baina orokorrean, komunikazio testuak lantzeko sor daitezkeen beharrei zuzenean erantzuteko tresnak falta direla ikusi dugu.

martes, 25 de enero de 2011

3.zeregina: Euskarazko tresna eta baliabide linguistikoen analisia

Multimedia produktuen kalitate linguistikoaren kudeaketarako izipideak eta baliabideak: 2.langaia.

Euskaraz, ahoz zein idatziz, komunikatu nahi dugunean, hizkuntzaren kalitate linguistikoa bermatzeko hainbat tresna eta baliabide gure eskura ditugula ikusi dugu klasean. Horiek, momentu bakoitzean ditugun beharrak asetzeko eskaintzen dizkuguten baliabideen arabera sailkartzen saiatu gara, eta ikusten ditugun hutsuneak zein diren azaltzen.

Orokorrean, hizkuntzaren gramatika arauak edota hiztegi orokorrak erraz topatu ditugu (Elhuyar, Harluxet, Hiztegia 3000, Azpidazkiren Gramatika Eranskina). Baita hizkuntza estandarrerako arautegiak, gomendioak edota hiztegiak ere (Euskaltzaindiaren arauak, Hiztegi Batua, Bizkaiera Estandarrerako Arauak, Ehulkuren Aholkuak). Estilo zaindua erabiltzeko irizpideak eskaintzen dituztenak ere badira, zein esapide lehenesten den jakitera ematen digutenak (Eusko Legebiltzarraren Idazkerarak Arauak, Ehutsi, Letra Larriak erabiltzeko edo Kalko Okerrak ez egiteko irizpideak) . Baina ez horren argi nolako ahoskera erabili behar den esaten digutenak.

Bestalde, irizpide soziolinguistikoak kontuan hartzen dituzten tresna lagungarriak topatu ditugu, baina ez asko (Ahozko aldaerak). Herri batzuetako hizkerak jasotzen dira (Eibarkoa, Ondarruarra), eta adin jakin batera egokitzen den hizkerarako tresnaren bat ere bada (Mantxut edo Haurren hizkera), baina urriak dira.

Gainontzean, batez ere, komunikabideetan izaten diren hizkuntzaren erabilerarako beharrei erantzuten dien tresnak falta direla ikusi dugu. Izan ere, komunikabideetako generoen ezaugarri bereziak kontuan hartzen dituen araudirik ez dugu aurkitu; ez eta komunikabideek erabiltzen dituzten hizkera-maila, komunikazio-moldeak kontsultatzeko aukerarik ere; edota komunikabideen arloko kontsulta orrialderik ere.